Zuia: klimaren gorabeherek zizelkaturiko historia

Zuiako edozein biztanlek ondo ezagutzen du sentsazio bitxi hori. Egun batzuetan, N-622 errepidetik Aiurdingo tunelera sartu eta, ateratzean, guztiz bestelakoa den mundua agertzen da begien aurrean. Egun eguzkitsua zena, bat batean, lainoz beteriko paisaia bihurtzen da. Mordor lurraldea. Eta kontrakoa ere gertatzen da. Di-da batean, ordura arte egun goibela zena, bat batean, Heidi moduko postala bihurtzen da.

Prozesua, gainera, ez da beti norabide berean ematen. Batzuetan, Zuia da eguzkitsu edo lainotsu dagoena; besteetan, lautada. Are gehiago, aldian-aldian, hain nabaria den desberdintasun hori egun batzuetan zehar mantendu daiteke. 2019ko azken egunetan eta 2020ko hasieran gertatu zen halako egoera bat: hainbat egunez Gasteiz eta lautadaren zati handiak etengabeko laino baten pean egon ziren, Zuiako inguruak eguzkitsu mantentzen ziren bitartean.

Puntualak izan arren, desberdintasun horiek erakusten dute Zuiako haranaren berezko ezaugarri klimatiko batzuk badaudela, batez ere, inguruko orografia dela eta. Orografia horrek ere lautadarekiko aldea handitzen du, baina ez da eragin bakarra. Hau ez da soilik, noski, gure haranaren kontu soila. Aniztasun klimatiko hau Arabako lurralde osoan gertatzen da. Hala diote adituek. Zentzu horretan, Eugenio Ruiz Urrestarazu EHUko geografia katedradunaren arabera, Arabako klimari buruz ez baizik klimei buruz hitz egin beharra dago. Izan ere, hain lurralde txikian hainbeste klima desberdin egotea oso kontu deigarria da. Batez ere erliebearen arabera osatzen dira klima horiek.

Oro har, Itsaso Atlantikotik Europara hezetasuna eramaten duen haizeen lerroan kokatuta dago Araba. Kostaldean egon ez arren, itsasoa gertu dago, eta horren eragina dago gure kliman. Baina masa kontinentalaren eragina ere bada, bereziki tenperaturei dagokienez. Kontinentearen eragina ere haizeetan nabaritzen da, eta, horregatik, Hegoaldeko haizea jotzen duenean, penintsularen barnealdetik datorren haizea nahiko lehorra da.

IMAGE

Alabaina, faktore klimatiko hauek orografiaren arabera egokitzen dira eskualdez eskualde. Araban dauden mendiek klima atlantikotik klima mediterraneorako igarotze horretan pantaila baten efektua sortzen dute. Geografoek bi klima mota horien artean kokatzen dute Zuia. Hitz gutxitan esanda, Iparraldean baino gutxiago egiten du euri, uda lehorrak agertzen dira eta kontinentearen masak moldatutako tenperaturak izaten dira.

Tenperatura baxuak dira, hain justu, Zuia aipatzean berehala burura datorren lehen ideia. Eta hau ez da, inolaz ere, gaur egungo kontua soilik. 1850. urteko Pascual Madozen hiztegi historiko-geografiko ezagunera jotzea besterik ez dago. Hitz gutxitan laburbiltzen du egoera:

"CLIMA: frío; la combate el viento N., y se padecen pulmonías".

Atzerago joanda, badirudi gaur egungo Murgiaren abiapuntuan egon zen jatorrizko Monreal de Marazalda herriaren desagerpenean zerikusia izan zuela eguraldi gogorrak. Hala uste du Jose Antonio Gonzalez de Salazar etnografoak: jatorrizko tokian (gaur egungo Marakalda auzoa, Altuben) hotz handiagoa izatea izan zen arrazoietako bat. Auñamendi entziklopediak jasotzen duenez, 34 urteko ibilbide laburra izan ostean, 1372an bertako auzokideek Henrike II.a erregeari eskatu zioten bertatik mugitzeko, Monreal de Murguia eratzeko, "por razón de las guerras y tiempos fuertes que han sido".

Izotzaldiek sortutako goseteak

Eguraldiari lotutakoen artean, elurra da zalantzarik gabe Zuia historikoki gehien baldintzatu duen fenomenoa. Gehienetan, elurte handiak izan direnean eskualdea inkomunikaturik geratu da. Elurra kentzeko makinen garai hauetan arazo handirik ez bada ere, beste garai batzuetan elurte handi batek oso eragin latza izan ahal zuen.

El Valle Zuya (1931) liburuan, Julian de Olavarria Sautuk eskualdean jazotako hainbat pasarte jasotzen ditu. Besteak beste, XIX. mendean izandako elurte batzuk izan zituen hizpide, eta horietako bat bereziki larria izan zen zuiarrentzat.

"En 1830 desde el mes de diciembre día 25, que comenzó a nevar no dejó de hacerlo hasta el mes de febrero, cayendo tal cantidad de nieve como no conocían los presentes, y a continuación comenzaron las heladas, y dicen que las gentes lo mismo que los animales se mueren de frío y hambre por falta de alimentos, haciéndose la situación peor porque se hundieron muchos tejados. Los ríos se helaron y no podían moler, no pudiendo moler a pesar de intentar romper los hielos a golpes de martillo, cosa que no pidieron conseguirlo, viéndose a muchas personas en busca de "borona" para poder hacer talos y comer. Una vez que cesaron los hielos, queriendo todos moler, se formaban grandes colas en los molinos, viéndose a familias enteras con dos o tres celemines de grano por persona recorrer el valle de un molino a otro, con nieve hasta más arriba de la cintura."

Elurte horren ondorengo urtzeak ere kalte larriak eragin zituen. Olavarriaren kronikari esker badakigu 1889an elurte batek bi metro eta erdiko altuera hartu zuela. Dena dela, elurte horiek ez zituzten beti horren kalte handiak eragiten, eta, kasu horietan, garaiko kronikek zioten —zentzu handiz, dena esan beharra badago— hoberena zela etxean geratzea, suaren goxotasunean. Hori gomendatzen du bederen 1911ko urtarrilaren 17an Heraldo Alavés egunkarian Murgiako korrespontsalak idatzitako kronika batek, poesia puntu batekin.

"Tenemos un tiempo extremadamente frío; la nieve lo cubre todo dando a los montes y valles un verdadero tinte invernal y melancólico; las fuertes heladas nocturnas impidieron que nos abandonara la primera nevada y sobre esta capa ha caído la segunda, tomando ésta tan imponentes proporciones que impide en absoluto la circulación de coches y carros, viéndose solo transitar por carreteras y caminos a aquellas personas a las cuales una apremiante necesidad les obliga a salir de sus casas, pues el frío elemento convida a estar junto a los rojizos tizones. El coche correo que el viernes salió en dirección a Vitoria, tuvo que valerse de dos parejas de bueyes para poder subir el alto Ayurdín, donde las ruedas del vehículo quedaban enterradas entre la nieve, costando esfuerzos sobrehumanos poder dominar la cumbre; desde ese día la correspondencia viene por Izarra".

Kronika berean, korrespontsalak herriko gaztetxoek mantentzen zuten usadio baten berri ematen du ere. Antza, gazte horiek zerabilten kanta ez zen kazetariaren guztiz gustukoa, baina gazteei aitortzen die bederen halako eguraldi eskas baten erdian kalera ateratzeko ausardia.

"No obstante lo desapacible del tiempo, hoy los niños de esta villa, siguiendo tradicional costumbre, recorren las casas de sus moradores cantando antigua y mal rimada estrofa; van precedidos de un pequeño estandarte al que ellos llaman "banderilla" del cual cuelgan mil cintajos de abigarrados colores; con el dinero que recolectan preparan una merienda que celebran por la tarde en casa de uno de sus colegas. Esta fiesta por una vieja usanza se ha de celebrar precisamente en uno de los domingos del mes de enero, aunque el tiempo no convide a ello como sucede hoy".

IMAGE

Julian de Olavarriak liburua idatzi zuen garaian (ia duela mendebete) Gorbeiaren magalak elurrez beteta zeuden urtearen zatirik handienean, eta egoera horri etekina ateratzen zitzaion hozkailurik ez zegoen horietan. Agian ezagunena Igitaiako elurtegia izan zen. Modu berean, behin XX. mendean sartuta, eskiatzeko baliatzen zen ingurua. Iritsi ahal zenean, bederen. Horren adibide da 1945eko urtarrilaren 23an El pensamiento alavés egunkarian argitaratutako kronika batek dioena. Arabako Klub Alpinoak Murgiara txangoa antolatu zuen, eta Gasteiztik ateratzean euria ari bazuen ere, lehen kilometroak egin ondoren elurte gogorra bihurtu zen.

"Comenzamos a subir Ayurdín con la esperanza de poder trasponerlo y llegar a Murguía, pero de su mitad, y a pesar de los repetidos intentos, no nos fue posible pasar, por lo que nos vimos precisados a apearnos y desde allí buscar un sitio apropiado a nuestros fines, cosa que no nos fue difícil conseguir, dada la cantidad de magníficas laderas que en sus proximidades existen".

Haizete beldurgarria

Elementuen artean, agian zentzurik mistikoena izan duena haizea izan da. Horregatik ondo txeratuta dago folklorean. Mundu osoko leku askotan gertatu ohi den modu berean, gurean ere askotan eromenarekin lotu da haize indartsua. Modu berean, badira hainbat arazo haizeari egotzi ohi zaizkionak; hala nola gaztaren arrakalatzea, txerrikien galtzea edota lurrak lehortzea. Bestetik, haizean izandako mugimenduak ondoren etor daitekeen eguraldia igartzen saiatzeko erabili izan dira; batez ere, euriak eta ekaitzak igartzeko. Gorbeia, paisajes y leyendas liburuan Carlos Ortiz de Zaratek horri lotutako hainbat usadio bildu ditu. Adibidez, Urkabustaizen jasotakoaren arabera, haizearen norabidea aldakorra bazen, auzokideek uste zuten ez zela elurte handirik izango. Norabide bakarreko haizea izanez gero, berriz, ekaitz handia esperokoa zen. Tenporen inguruko sinesmenetan bezala, San Pedro eguneko haizea izango litzateke uda osoan zehar mantenduko zena. Haize txikiei dagokienez, hostoak lurretik altxarazteko gai diren zirimola txikiei maripajuela deitzen zieten, eta sorginei leporatzen zieten.

IMAGE

Olavarriak jasotakoaren arabera, 1941eko otsailean urakana egon zen Zuian, eta haizearen indarra hain izan zen handia ezen teilatu-hegal asko altxarazi baitzituen, eta zuhaitz ugari errotik bota zituen haize gogorrak. Zorionez, gertakaria gauez jazo zen, eta horrek kalte pertsonalak egotea ekidin zuen. Halere, auzokide guztiak gau osoa esnaturik egon zirela diosku egileak, hondamendiaren beldurrez. Handik urte batzuetara, berriz, euri eskasia izan zen arazo iturri nagusiena. Bereziki 1947ko lehortea izan zen gogorrena, eta batez ere zerealen uztaren galera ekarri zuen gertakariak. Dena dela, kontuan izan behar da kasu honetan lehortea Europa osoko arazoa izan zela, eta horregatik leku askotan garia eta bestelako zerealak Ameriketatik ekarri behar izan zituzten. Halakoei aurre egiteko aterabiderik ohikoena errogatibak egitea zen. Adibidez, eta Beatriz Gallego Muñozen Zuiako Haranaren ondare ukiezina liburuan aipatzen denez, 1906ko udan lehorte latza izan zen Araban, eta Zuian bereziki nozitu zen. El Eco de Navarra egunkarian jaso zutenez, kezka handia zegoen Arabako baserritarren artean. Uzta oparoa espero zen arren, lehorteak itxaropen horiek guztiak zapuztu zituen. Aurrekoan aipatu bezala, egoera arindu nahian, euriak eskatzeko errogatibak egin zituzten zuiarrek.

Elurteak, haizeteak eta lehorteak oso kaltegarriak izan badaitezke, zalantzarik gabe eurite handiak eta horien ondorengo uholdeak dira arriskutsuenak. Duela gutxi, 2011ko maiatzaren amaieran, halako bat egon zen, baina, zorionez, ez zen kalte handirik izan. Eurite gogorra baina puntuala izan zen: metro koadroko 118 litro zenbatu ziren hilaren 30ean, eta horietatik 115 litro ordu bakar batean erori ziren. 1983ko abuztuko uholdeak ere oroimenean txertatuta geratu dira. Baina duela mende bat baino gehiago izandako beste uholde bat are beldurgarriagoa izan zen, eta, tamalez, auzokide baten heriotza ekarri zuen.

1908ko uholde handiak

Eurite indartsu baten ondorioz, 1908ko ekainaren 5ean Zuiako ibaiek gainezka egin zuten, uholde ikaragarria eraginda. Garaiko prentsak jasotzen du gertatutakoa. Baias ibaiaren indarrak Ametzagako zubiaren amiltzea ekarri zuen, eta, Murgian, Ugalde ibaiko urek zubiko karelaren maila gainditu zuten. Aiurdingo errekaren kasuan berdin gertatu zen, eta errepidea urperatu zuen, metro bateko garaieraraino.

IMAGE

Uztailaren 9an Heraldo Alavés-ek Izarratik idatzitako kronika bat jaso zuen, eta horretan ondo igartzen da hondamendiaren tamaina.

A las pertinaces lluvias de estos últimos días, siguió en el día de ayer una verdadera manga de agua como no recuerdan en esta los vivos, motivo por lo cual se desbordaron los ríos y arroyos anegando las aguas los campos.

El terrible elemento no ha respetado nada de lo que encontraba a su paso; se ha llevado puentes, ha derribado paredes arrastró cercas, llevó panes y lo que es más sensible se arrastró las tierras: quedando fértiles campiñas convertidas en grandes escombreras, y del mismo modo se cree que haya llevado ganados.

¡Pobre honradísima clase labradora!

Aurreko egunetan eroritako etengabeko euriteen emaitza izan zen uholdea. Zuian euri horiek noiz hasi ziren ez dakigun arren, Miranda Ebron sinatutako kronika batek dio aurreko hiru egunetan etengabean egon zela euri egiten. Beraz, suposatzekoa da eguraldi eskasa Araba osoan eta inguruetan eman zela.

Aurren aipatu bezala, ur horien guztien metaketak hondamendia ekarri zuen Zuian. Etxe batzuetan ura sartu zen, metro eta erdiko altuera hartuta. Auzokideak estu eta larri atera behar izan ziren euren etxeetatik, eta abereak salbatzen ahalegindu ziren arren, ale asko galdu egin ziren, euriek eramanda.

Baina larriena Murgian izandako ezbeharra izan zen. Horren ondorioz, Juan Sautu e Isasi zuiarra hil egin zen. Goizean goizetik hasi zen euria, eta eguerdiko ordu batetik arratsaldeko zazpiak arte izan ziren euririk gogorrenak. Ura metatu zen puntuetako bat mojen eskola izan zen. Egoera arindu nahian, Juan Sautu e Isasi, Juan Larrazabal eta Juan Basurto auzokideak baratzean sartu ziren, burdinazko atea ireki nahian. Modu horretan, baratzean pilatutako ura askatu nahi zuten. Baina zinez zorte txarra izan zuten. Atea bat batean askatu egin zen, baina, atearekin batera, hormaren zati bat erori egin zen. Amiltzeak Larrazabal zauritu zuen, baina Juan Sautu e Isasiren patua txarragoa izan zen, eta buruan izandako kolpearen ondorioz hil egin zen. Garaiko kronikek diotenez, urek ez zuten gorpua eraman, atearekin hankak trabatuta geratu zitzaizkiolako gizajoari.

Arratsaldeko zazpietan jazo zen ezbeharra, eta albiste latza berehala zabaldu zen herrian. Ondorioz, jende andana bildu omen zen baratzaren inguruan. Udal epailea ere bertaratu zen, eta, heriotzaren zioa berehalakoan argi ikusita, arratsaldeko zortzi eta erdietarako gorpua altxatzeko agindu zuen. Hiru lagun horien balentria gogorarazteko, eta, batez ere, Sautu e Isasiren omenez, ezbeharraren berri ematen duen plaka bat dago orain, gertatu zen tokian bertan.

Historian zehar muturreko eguraldiak kaltetuta izan diren beste lagunen izenak galduta dauden arren, plaka horrek irakaspen garrantzitsua ekartzen du gogora: klimek moldatzen dute herrien historia, eta muturreko eguraldiarekin tentuz ibili beharra dago. Zorionez, gaur egungo teknologiak eta metatutako ezagutzak aukera ematen digute gehienetan halako egoeren aurrean onik ateratzeko, baina orain aurrean dagoen erronka ez da txikia: klima aldaketak baldintzatuko gaitu datozen hamarkadetan, eta hor ere mundu mailako balentria erakutsi beharko du gizateriak.

Testua eta argazkiak: Juanma Gallego (2020ko URTUME aldizkarian argitaratuta).

Deja una respuesta

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Salir /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Salir /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Salir /  Cambiar )

Conectando a %s

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.